ETXE BAT NORBERARENA YOLANDA ARRIETA MALAXETXEBARRIA
Redacción
10 de mayo de 2024 (15:07 h.)
Egileak bere obraz
Gela bat norberarena aldarrikatzen zuen Virginia Wolfek andre idazleontzat. Gaston Bachelard soziologoak, berriz, espazioen esanahietan murgiltzen gintuen La poetica del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garelarik barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, lehioak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, aldiko guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza, zahartzaroaren umezaroa gertu.
Generoa: Novela Formatua:14 x 20,50 cm. Orrialdeak: 86 Salneurria "BEZ barre":14,90 €
SINOPSIA
Habiaren babesa.
Bake operatzailea.
Aukerako ohikotasuna.
Nondik-abiatu berri bat.
Nora-itzuli atsegin bat.
Ezeren faltarik ez.
Dena bertan
.
YOLANDA ARRIETA MALAXETXEBARRIA
Editorearen ikuspuntua
Virginia Woolfen saiakera ezagunaren izenburua, Gela bat norberarena, gure garaietara egokituz, Yolanda Arrietak dio etxe bat behar duela emakume idazleak, lasai idatzi ahal izateko, patxadaz bizitzeko, soseguz aurre egiteko gero eta gertuago ikusten duen zahartzaroari. Emakume idazle heldu baten testigantza jasotzen du Etxe bat norberarena liburuak, egunerokoaren kronikatik gertu dagoena, poetikotasunari uko egiten ez diona, parez pare begiratzen diona errealitate batzuetan gordin, besteetan ilusionagarri, beti bizigarri. Bizitzari egindako kantu bat da, azken buruan, Arrietak liburu honetan egiten duena, ibilbide literario luze eta sendo baten emaitza umotua, kondentsatua aurkeztuz. Berdin hartuko du atsegin liburu honekin adin-kondizio guztietako irakurleak.
Aritza Galarraga
Egileaz
YOLANDA ARRIETA MALAXETXEBARRIA Lea Artibaiko Etxebarrian jaio zen 1963an, eta Usurbilen bizi da orain. Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako.
Bakarkako lana sormen eta formazio-tailerrekin uztartzen du, ahoz nahiz idatziz, baina bizitza erdi darama liburuak egiten; batik bat, Haur eta Gazte Literaturan.
0-100 urtera arteko literatura maite du. Liburuak egitea gutunak idaztea da beretzat, Nitik Gura.
Zahartzaroaren umezarora heldu dela-eta, Etxe bat aldarrikatzen du bere azken lanean; ametsak ontzen jarraitzeko Etxe bat norberarena.