Alternatiba ekosozial justuen alde, AHTrik ez

A high-speed train blurring past on tracks at sunset. Imagen de rorozoa en Freepik
Datorren larunbatean, maiatzaren 11n, AHT Gelditu! Nafarroak AHTaren Aurkako Eguna antolatu du Iruñean. Era berean, Gune ekosozialistak, Emakumeen Mundu Martxak eta Eskubide Sozialen Kartak manifestazio bat deitu dute, Bizitza duinen alde, Alternatiba ekosozial justua lelopean.

Azken hilabeteotan, bai Nafarroan, bai Euskal Herriko gainerako herrietan, mobilizazio sozialak gora egiten ari dira korporazio handien eraso sozioekologikoen aurrean, azken hauek babes legal, politiko eta instituzionala baitute. Erdiz Bizirikek magnesita meategiaren aurka egindako borroka; proiektu berriztagarri korporatiboen aurkako  batzarrak eta plataformak Bortzirietan, Malerrekan, Basaburuan, Andian, Odietan... goi-tentsioko lineen aurkako mobilizazioak; legebiltzarretan onartzen baina utzikeriagatik hilik jaiotzen diren klima-aldaketa legeak salatzen dituzten ekintzak; Sakanan, Tafallan eta Campanasen AHTaren zundaketa eta obren aurka antolatutako oposizioa; Altsasun tren sozialaren aldeko mobilizazioa; Etxabakoizko UGPSaren aurkako alegazio-kanpaina; lurra hiltzen, urak kutsatzen eta tokiko abeltzaintza suntsitzen duten makrogranjen aurkako erakundeak; ahaztu gabe Euskal Herria Bizirik-ek lurraren defentsan eta baita Iruñean Elikadura Burujabetzaren alde 140 erakunde baino gehiagok berriki antolatu dituzten mobilizazioak.

 

Herri ekintza eta dinamika hauek guztiak Europar Batasunak eta haren Itun Berdeak, estatuek eta gobernu eta parlamentu autonomikoek inplementatutako eta partekatutako politikek sortutako nahigabearen eta ezinegonaren sintoma dira. Politika hauek elementu komunak dituzte. Haien eredu kapitalistak eragin duen berotze globalaren aurkako borrokaren izenean, makroproiektu berriztagarriak eta horien ebakuazio eta garraio azpiegiturak inposatzen zaizkigu, multinazional handien eskuetan daudelarik. Aldi berean, ez dago horren urgenteak diren deskarbonizaziorako neurri eraginkorren inolako aztarnarik ere. Lurraldearen eta baliabideen beharren eta erabileren plangintzan kolektiboki parte hartzea eragozten da. Eredu produktiboari eta industrialari buruzko erabakiak kapitalaren esku geratzen dira, eta kapitalaren etekinen arabera erabakitzen da beti. Gainera, beharrezkoa bada, langileak sakrifikatzen dira, nahiz eta "jarduera berdeetan" lan egin. Nekazaritza eredu industrial baten aldeko apustua egiten da, ustiategi txikiak merkatuaren diktadurapean hiltzera kondenatuz.

 

Honen guztiaren aurrean, ezinbestekoa da gizarte mobilizazio iraunkorra, modu globalean eta kapitalaren proiektu-eraso bakoitzaren aurrean. Trantsizio ekosozial bat behar dugu, egungo egoerarekiko haustura gisa ulertua. Bestela, honela jarraituz gero, krisi sozioekologiko globala baino ez du errepikatuko eta sakonduko. Ildo honetan, azken hilabeteotan AHTaren aldeko benetako erasoaldia jasaten ari gara presio taldeen aldetik, politikoak zein enpresarialak, eta Etxabakoizko UGPSa sare horren beste pieza bat da. AHTak, makroproiektu korporatiboekin gertatzen den bezala, sistema honetako gauzarik okerrenak biltzen ditu: ustelkeria, espekulazioa, elitismoa, inposaketa, ingurumenaren suntsiketa, lurraldearen desegituraketa, tren konbentzionalaren uztea eta bere zerbitzuen okertzea. Horregatik, Sustrai Erakuntza Fundaziotik dei egiten dugu AHTaren Aurkako Egunean aktiboki parte hartzera, Etxabakoizko UGPSaren aurkako sinadura bilketa babestera, eta AHTaren aurkako blokean parte hartzera, 12:00etan Gaztelu plazatik abiatuko den manifestazioan.

 

Sustrai Erakuntza Fundazioa

 

 Web orrialdeak: www.sustraierakuntza.org eta www.fundacionsustrai.org